UGERRA ETA KEDARRA, Sonia Gonzalez. 2003

Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez. 2003

Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez. 2003

Ostirala. Berunezko hodei pisutsuek oreka jokoak egiten dituzte hiri gainera ez jaustearren. Egun zurbila. Hodeiertzean, zeruertzean, mugaertzean grisak eta metalak nahasten dira. Egunaren zurbila. Ugerrak jaten duen zerraldo erraldoia da Bilbo. Ugerraz elikatzen den erraldoi zerraldoa da Bilbo. Iratzarri egin den zerraldoa. Goizeko mugimenduaz berpiztu egin da. Saltzaileei, txikiteroei, andra eta gizon langileei, neska eta mutil ikasleei baimena eman diete kaleek zapalduak izateko; neke astunez baietz esaten diete, baietz, beste egun batez ere hantxe daudela zeharka ditzaten.

Urratsen erritmoarekin bat egiten duen zementuzko barne-taupadak Kat ere iratzarri du. Euria dakar, eta kanta soil bat.

Zabor artean guardasol apurtua dago…

[…]

Etxe usaina da. Honelako gauza ñimiñoek bihurtzen dituzte zementua eta habeak etxe: kafe usaina; patioetatik sartzen den tortilla-zarata, sardexka plateraren kontra, erritmiko, arin, kla-kla-kla, kla; alboko auzokideen eztabaidak; goikoaren goizeko ariketak stepper gora stepper behera… Euri mehatxua dakar, eta kanta soil bat. Kafesnea katiluan, leiho aurrean jesartzen da, ez du ikuskizuna galdu nahi, zelan jausten diren lehen euri tantak errekaren kontra, zelan urtzen diren argi eta freskotasun zati nabari ezinak Bilboren bihotzean. Tanta horiek zorte ona daukate, salbatu egiten dira, birmoldatu, eraldatu egiten dira, baina ur-izaerari eusten diote, Bilboko itsasadarrean.

Gehienek ez daukate halabehar hain zorionekoa: karrikaren kontra, ezerezarekin batuko diren ehunka puntutxotan desegiten dira, sakabanatuak, zabalduak… zapalduak.

___________

Hemen ez da ezer berezirik
Poema amniotikoak, Sonia Gonzalez. 2005

Paraje berdeak
mendiak eta etxeak,
gasolindegiak bide bazterretan,
ospitaleak, eskolak, fabrikak,
zeru urdinak edo kargatuak.
Euri langarra teilatu eta
guardasol gainetara.
Barkuak eta portuak,
kostaldetik kresala
eta garoa barrualdean.

Autobus geltoki bakartiak,
atzamarrik gabeko langileak
eta ohe hutsak,
milikoak, orfidala eta harrak.
Ogi gogorra.
Berton ere hagin zorrotzak.

 
 

Dejar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.