Portuaren bokalean dauden bi ertzak komunikatzeko beharrak, XIX. mendearen amaieran zebilen nabigazio etengabeari kalterik egin gabe, irtenbide hau ondu zuen. Paisaiaren elementu nagusia itsasadarra da, ia-ia itsasoratuta, bi herri bereizten ditu: Portugaleteko hiria (itsasadarraren ezkerraldean) eta Getxoko udalerriko Areeta auzoa (itsasadarraren eskuinaldean).
Munduan egin den lehen zubi transbordadoreak lotzen ditu bi herriak. Martin Alberto de Palacio Elissagüe eta Ferdinand Joseph Arnodinek diseinatu zuten zubia eta 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen. Burdinazko saretaz ehundutako bi dorre handi, 61 metrokoak, ditu euskarri zubiak, eta bi-biak 160 metroko luzera daukan langa batez lotuta daude ertzetik ertzera, itsasgoraren gainetik, 45 metroko nabigazio-galiboa utzita. Langa horretatik zehar, gurpildun xafla bat mugitzen da eta, Arnodinek diseinatutako altzairuzko kableen bidez, airean esekitako kabina bat daroa zintzilik, aldi berean, sei auto ere garraiatzeko gauza dena.
Bizkaiko zubi esekia Gizateriaren Ondarea da, bai eta egunero-egunero, beste aldera lan egitera, ikastera edo aisialdiz gozatzera doazen pertsonen garraioa ere. Zubitik hurbil, itsasadarra alderik alde eta etenik gabe zeharkatzen duen txalupa batek dirau bizirik oraindik, halako itsas besoa gaindituta, nor bere helmugara, aurreko ertzera doan jendearen garraiobide.
Toki honetan, itsasadarra oinez, gurpilen gainean, uraren gainean eta airetik ere gurutzatu daiteke, goiko plataforma baliatuz.