Sotera De La Mier Elorriaga (1821-1900)
Hemeretzigarren mendeko burgesia industrialeko kide izan ziren emakume portugaletetarren artean lehenengoetarikoa izan zen. José de Gorostiza y Casal (1808-1876) enpresaburuarekin ezkondu zen, eta oso emakume ernea izan zen negozioetan. 1876an alargun geratu arren, bere garaiko konbentzionalismoei aurre egin zien.
Aitaren familiako meatzaritzako eta siderurgiako enpresa-munduaren parte izan zen Ybarratarrekin batera, eta sendotasunez aurre egin behar izan zien El Carmen fabrikatik bazter ez zezaten, Mier abizena kendu baitzuten. 1882an, oker egindako zenbait likidaziok eragindako desadostasunen ondorioz, Ybarratarrak eta beren kudeatzaileak alde batera utzi zituen eta bere interes finantzarioak Félix Chávarri del Alisal koinatuaren (1831-1905) kargu utzi zituen, zeina Vícor Chávarri Salazarren osaba baitzen.
Portugaleteko hiribilduko ongile handietako bat izan zen. Meategietako langileen zurtzen arazoa ezagutzen zuenez, Karmengo Ama Ikastetxea sortu zuen Abatxolo eta Azeta auzoen artean.
Bere kapitalaren zati bat ere eman zuen Santa Maria Basilikaren dorrea zaharberritzeko eta bertako organoa finantzatzeko. Sestaoko Rebonza y Mello zaharren egoitza ordaindu zuen, bai eta Portugaleteko Ospitale eta Babes-etxe Santua ere. Portugaleten hil zen, 1900eko abenduaren 9an, eta ez zuen ondorengorik izan.