Tradizionalki, Bizkaian burdina burdinoletan landu izan da. 1849an, ehun burdinola baino gehiago zeuden Bizkaian, eta, 1864rako, soilik bost zeuden martxan. XIX. mendearen erdialdean, teknika garatu zen, eta labe garaiak garrantzi handiagoa hartzen hasi ziren.
Bizkaiko lehen labe garaia, landare-ikatzekoa, 1848an jarri zen martxan eta 1841ean eratutako «Sociedad Anónima Santa Ana de Bolueta» izan zen.
1854an, «Ibarra hermanos y Cía» sozietateak «Nuestra Señora del Carmen» fabrika eraiki zuen Barakaldon, eta bertan Chenot motako labe batzuk instalatu ziren. Landare-ikatzez elikatzen zituzten, eta labeok burdina gozoa produzitzen zuten, labe garaira eta fintze-makinara jo beharrik gabe.
1861ean, «Sociedad Santa Águeda» eratu zen Kastrexanan, eta, 1866rako, landare-ikatzeko hiru labe garai zituen.
1870ean «The Cantabrian Iron Ore Co» sozietateak Ezkerraldean siderurgia moderno bat sortzeko lehen saiakera egin zuen. Zehazki, Sestaoko paduretan siderurgia-instalazio handi bat jartzea proiektatu zuten. 1871an, labe garaiak eta horiek mineralez hornitzeko burdinbideak eraikitzen hasi ziren. 1872an, azken karlistaldiak dena eten zuen.
Lehen hiru fabrikek landare-ikatzez elikatutako labe garaiak instalatu zituzten. Aurrerago, koke-bateriak jarri zituzten eta instalazioak modernizatu zituzten.