Eraispena
audio
Industria siderurgikoak eta ontzigintzaren sektoreak Europa osoan krisialdia izan zuten XX. mendeko 80ko hamarkadan. Ondorioz, industria horiekin zuzenean edo zeharka lotutako enpresa asko itxi ziren. Eragindako eskualdeetan langabezia eta ezegonkortasun ekonomikoa jasan zituzten, eta Ezkerraldea gogorren jotako eskualdeetakoa izan zen. Industria desegitea eta eraikin ospetsu batzuk eraistea geroagoko prozesua izan da, eta makineria, ekipamendu, agiri eta egitura askoren suntsipena ekarri du.
Bizkaiko Labe Garaietako instalazioak 90eko hamarkadaren erdi aldera eraitsi zituzten, siderurgia berregituratu zenean. 1. Labe Garaia 1995ean itzali zuten, eta berak bakarrik iraun du zutik. Haren bikia, 2. Labe Garaia, txatarretarako saldu zuten. 2A Labe Garaia ere, Mariángeles izenaz ezaguna, galdu egin zen, ArcelorMittalek Indiako Hazirara eraman baitzuen.
Industria jardueraren hondarrak egokiro kudeatzea funtsezkoa da gure historiari zentzua emateko. Ondarearen desegite eta eraiste orokorrak ahanzturara eta ukapenera garamatza. Industria ondarearen hondarrek lantegietan ibili ziren pertsonen eta haien familien nortasuna gordetzen dute. Bizitzeko eta jendearen eskubideen alde borrokatzeko modu espezifiko baten agertoki izan ziren, eta orduko paisaiaren ezaugarriak dituzte. Industria ondarea zainduz, garen bezalakoak egin gintuen mundua begirunez hartzen dugu.
Industria ondarea errespetatzea kulturari, lanaren memoriari eta garai oso baten ezagutzari balioa emateko modu bat da. Gure iragan hurbileko elementu esanguratsuenak aintzat hartu eta haien balioa agerian jarri beharra dago, gure nortasun sozialaren lekuko garbiak direlako. Gure bereizgarriak dira, gure “hemen eta orain”, mundu globalaren uniformetasunaren aurrean.
Museo honen helburua da gure iragan industriala ezagutaraztea eta horrelako ondare-elementuak gure ingurunean kontserbatzeak duen garrantziaz ohartaraztea, hemen bizi izan zen jendearen nortasuna indartzeko eta kanpotik datozen pertsonak gizarteratzeko faktore moduan.
Bideoa Alberto Salcedo artistaren “No monuments” obratik eratorria da. Itxaso Díaz zinemagileak editatu du, eta ahanzturaren aurka borrokatu nahi du, gure iragan industriala aldarrikatuz.
Sorkuntza lan hori Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendu Sailak 1992tik 2013ra bitartean garatu zuen Industria Aurrien Eraispen Programako material argitaragabean oinarrituta osatu da.
Programa horren bitartez, zaharkitutako 170 eraikin industrialen eraispena finantzatu zen. Garrantzi historiko handiko lantegiak lurreratu ziren, hala nola Bizkaiko Labe Garaiak, Babcock & Wilcox, Euskalduna ontziola edo Sefanitro. Azken eraispenean La Naval enpresaren nabe historiko gehienak eta garabiak suntsitu dira oraintsu.
Bideoan eraispen horietako batzuk prestatzeko eta gauzatzeko lanak jaso dira, bai eta industriaren memoriarik gabeko gizarte honetan mantra moduan barneratzen joan diren mezuak ere: “Dena bota eta garbitu”, “Irudia errotik eta azkar aldatu beharra dago”, “2.000 milioi pezeta baino gehiago 2 urtean”, “Instalazio zaharkituen eraispen orokorra”, “Horrela bakarrik egiaztatuko da eraberritze osorako borondate kolektiboa”…
Obrak esaldi honekin interpelatzen gaitu: Borroka gaitezen ahanzturaren aurka!