Pudeladores- Rialia. Industria museo. Museo de la industria

Eragin, eragiten zioten burdinari!

Bihurgailuek altzairuzko pieza handiak egiteko aukera eman baino lehen, burdinazko egitura handiak burdina pudelatuz egiten ziren. Henry Cortek 1783an asmatutako prozesu horri puddling izena eman zioten (ingelesez, to puddle = eragin), eta XIX. mendearen amaiera arte, burdina ijeztua ateratzeko erabilitako teknika bakarra izan zen, egitura handiak fabrikatzeko helburuz.

Hoztu baino lehen, burdinurtua erreberberazio-labe itxi batera isurtzean zetzan pudelatzea. Han, txatarra eta burdin oxidozko zepak ukitzen zituen, eta ezpurutasunak, karbonoa eta sufrea erretzen ziren. Burdinazko ore gori-gori horri eskuz eragiten zioten pudelatzaile izeneko beharginek, haga luze-luzeak erabiliz, labeko atean zegoen irekigune txiki batetik sartuta; hagak bost minuturik behin aldatu behar ziren, gehiegi berotzen zirelako.

Pudelatzeko indar handi-handia behar zen, nekearen eta beroaren aurkako zaildura, arreta eta buruargitasuna… Ez zegoen artean beste industria-jarduerarik giharren hain ahalegin gogorra eskatzen zuenik eta horren baldintza nekagarrietan garatzen zenik. Burdina urtzeko moduko tenperaturara iristen zen labe baten ondoan egiten zuten lan pudelatzaileek, 800 eta 1200 °C artean, burdinazko haga bat erabiliz, 150 kg-tik gorako pisua zeukan metaleko ore lodi edo morokilduari norabide guztietan eraginda, arretaz begiratuta baina burdinaren argi goriak itsututa. Lan horren ondorioz, behargin gehienek kataratak izaten zituzten edo itsu amaitzen zuten eta pudelatzaile gehienak 45 edo 50 urterekin hiltzen ziren.

Pudelatzea urte askotan baliatu zen, bihurgailuak agertu arren. 1888an, kasurako, Eiffel dorrea burdina pudelatuz eraiki zen, eta Bizkaia zubia ere Frantziako Le Creusot labeetatik ateratako burdina pudelatuz altxatu zen. 1890. urtean, Bilboko Labe Garaiek 16 pudelatze-labe eta 3 gabi zeuzkaten, eta ‘La Vizcaya’ lantegiak burdina pudelatzeko 4 labe eta gabi bat.

 

 

Julio Verneren testu hau interesgarria izan dakizuke

Leave a comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.