Burdina Minerala
Azken 150 urtetan, burdina mineralak erabat baldintzatu du Ezkerraldearen historia. Harrobi asko zeuden, aire zabaleko meategiak, eta mineralak erauzteko pikoa, falka eta dinamita erabiltzen zituzten.
Meatzaritzak paisaia erabat desitxuratu zuen: zenbait ibairen ibilguak desbideratu zituzten, mendietan zulo erraldoiak ireki zituzten eta Gallartako herritar guztiak lekualdatu ere egin zituzten meategiak ustiatzen jarraitzeko. Hasieran, burdina 2.000 mando eta 1.000 idi baino gehiagorekin garraiatzen zen, baina, berehala, bagonetak garraiatzeko hamahiru plano inklinatu eraiki ziren eta 22 airetiko tranbia jarri ziren, burdina baldeetan sartu eta itsasadarrean instalatutako 28 zamalekuetara jaitsi, minerala Labe Garaietara eraman edo itsasadarrean porturatuta —Erresuma Batuko siderurgietara burdina garraiatzeko zain— zeuden itsasontzietara eramateko. Horrez gain, burdina kiskaltzeko 33 labe jarri ziren eta Europako trenbide-sarerik trinkoena konfiguratu zen: 1906an, 500 km burdinbide zeuden 2.163 km2-tan.
Dozenaka meatze-konpainia eratu ziren, horien artean 64 ingeles. 20.000 enplegatu baino gehiago izan zituzten, eta XIX. mendearen amaieran munduko erauzketaren hamarrena izatera iritsi zen, Ramón Adán de Yarza meatze-ingeniariaren arabera. 1877tik 1915era bitartean, 140 burdina tona inguru erauzi ziren Trianoko mendietatik.