Amaia Barrena Garciaren testua
Kristalaz bestalde ibaia animalia basati bat da eta burdinazko erraldoiari bizkarra laztantzen uzten dio. Haren besoen ertzetan, industriaz sorturiko ukondoak, langile atzamarrak, eta orinak; soma-lanak utzitako orbainak. Bere harrizko gorputzean tatuaiak egin dizkiote, baimenik gabe, kale- orbanak dira, grafitiak omen. Esan liteke lehen hainbat gizonen sabai izanadakoa orain nerabe baten logela bihurtu dela. King Kong siderurgiko honen ezkerraldera eraikinak nahas-mahasa dira mendi- bizkarrean gora; eskuinaldean Lamiakoko padurak ordenaren irudia ematen du. Ispilu beraren bi aldeak, plataforma digitalen garaiko disko beraren A eta B aldeak.
Kristalaz bestalde kolosoak eutsi egiten dio, bala barik, etxez etxe eta plastiko merkez pistolak egiten dituen horri aurre eginez. Garai batean lurralde osoaren erregina zen lantegia orain erraldoi erretiratua da eta kaioak uretan pausatzen diren bitartean begira dago. “Nekatuta nago, bakarrik nago” esango lieke ahal balu. Baina kaioek ez diote motore zahar honi erreparatzen. Karranka besterik ez dute egiten, dutxan baleude bezala, edo arrainik handienarengatik borrokan bailiran. Baina horrela da, zerukoa den horri, gutxi axola zaizkio lurreko kontuak.