"Printzak Begietan", Iratxe Ormatza Imatz. 2023.

Printzak Begietan, Iratxe Ormatza Imatz. 2023

Printzak Begietan, Iratxe Ormatza Imatz. 2023

Tabernako beharra amaituta, etxetik arropen otzara hartu, eta errekarako bidean doa Pantxika. Otzarak ez du ia pisurik, harearekin eta harriekin meategian ibiltzen zuenaren aldean: arroa betekoa zen hura. Ibaizabalen dabiltzanek, haiek bai zama eraman, hiru arroa ere bai buru gainean; gizon bi behar izaten dituzte buruan zama ipintzeko. Andreak eta neskak ezin artezago doaz otzararekin, adi-adi barkutik kairako ohol estuaren gainean. Hala ibili da Jazinta, benakera, harea edota mea eramaten. Makalik dabilenetik zama gutxiago eramaten du, eta ordain txikiagoa. Jazintak, hala ere, ez du utzi nahi portuko zarabanda: barkuen joan-etorria, andre-gizonen hara-hona, nesken eta andreen kantuak, berba-jarioa eta adorea. Ez dagoela parekorik Bilbon, nahiz eta batzuk haiei irainka ibili, berba zatarrak esanez-eta. Barrutik beste era batera ikusten da.

[…]

Fabrikara iritsita, Florentzik pentsatu du, ahal badu, gustatuko litzaiokeela txokolate makinan behar egin. Hain da gozoa haren usaina, eta inoiz txokolate-tintil bat ere probatuko luke. Berak orain kutxan sartu behar ditu Maria galletak, gero beste batzuek kutxa bakoitza kartoizko batean sartzen dute. Artiacheko kamioiek saltokietara eramango dituzte, eta han apain-apain jarriko dituzte denak denda dotoreetan: Maria, Cocochu, Chiquilin, Crakers…

Neskameek erositako galletak erretiluetan ezarriko dituzte, etxeko jabeek dasta ditzaten: ibarratarrak, martinez-rivas-tarrak, epalzatarrak, zabalburutarrak, uhagondarrak-eta, baita artiachtarrak eurak ere. Hain aberatsak ez direnen etxeetan ere, berdin. Florentzik ez du inoiz ikusi dirudun baten etxea; ez da ibili inoiz neskame. Tabako-fabrikan ibili da beharrean, jute-fabrikan, kalamua txirikordatzen, okin-degietan… Ramona kantuka hasi da ondoan, eta handik batera denak batu dira, giro alaian, lan errepikakorra eta monotonoa arintzeko. Inguruko behargin gehienak ezkondu bakoak dira, gazteak, eta erraz hasten dira kantuan zein zurrumurru barregarrietan. Kantari hasi eta gutxira nagusia etorri da, ostera, eta keinu egin die isiltzeko. Gaur, antza, ez du aldarte onik gizonak.

Leave a comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.