Hiria eraikitzean, Luigi Anselmi. 1988
Hiria eraikitzean
aharrausi egin zuten
mendi urrunek, lokartu
bailarak laino azpian,
eta zeru goibelak
eutsi zion hatsari
iltza ez zekizkion
bularrean dorreak.
Hiria eraikitzean
euli beltzek uxatu
zituzten tximeletak,
ibaiari lausotu
zitzaizkion begiak,
usoei uhertu
hegaletako lumak
eta, izarrak iraungiz,
etxe zokoetako
lipu beltzak jabetu
egin ziren ortziaz…
Hiria eraikitzean
kaioletako hesiek
zirriborratu zuten
zuhaitz eta txorien
arteko aire gardena,
eta mendeetan zehar
jitoan ari ondoren,
munduan barreiatu
arratoi beltzak oro
Jainkoak behin agindu
aberrira heldu ziren.