Hasierako Bideoaren Testua

Audio:

Ongi etorri Rialia Industriaren Museora.

Seguru asko, jakin-minez eta zure burua harritzen uzteko gogoz hurbildu zara espazio honetara. Hasi zaitezke irudikatzen gertatzen ari dena, estimulu guztien bitartez hautematen duzunaren arabera.

Museo hau kokaleku pribilegiatuan dago, talaia batean, ulertu ahal dezagun zer nolako agertokian garatu diren gure itsas historia eta Ezkerraldeko industriarena azken 150 urteetan.

Ez dizugu burua bete nahi ikasgaiez, datuz eta kontzeptuz. Nahi dugu erantzun baino galdera gehiagoregin irten zaitezen hemendik. Nahi dugu zu akuilatzeko prestatu ditugun puntuetako bakoitzarekin goza dezazun. Izan ere, hemen topatu edo hautemango duzun ezer ez da izango ausazkoa.

Zure burmuinean jakinguraren txinpartak atera nahi ditugu, interesa piztu, gure industriaren historia eta hura posible egin duten pertsonen historia ezagutzeko.

Lehenengo eta behin, kontatu nahi dizugu Portugalete dela Bizkaiak itsasora duen atea. Badugu itsasadarreko eta itsasoko agertokia. Ibaizabal itsasadarraren bokaletik metro gutxira gaude, itsasaldien mende. Lehorrean barneratzen den itsasoko ura da. Gure izaera eta munduan egoteko modua markatu dizkigun portu baten aurrean gaude.

Portuko jardueraren zerbitzurako eraldatuta dagoen agertoki hau arakatzen duzun bitartean –burdinazko kaia, zubi esekia, Santurtziko dikea…– itsasoaren soinu lasaigarria entzun dezakezu kaian urrumaka, eta euren umeentzat janari bila dabiltzan kaioen hotsak.

Izarretan eta gure planetaren muinean dagoen materia, burdina, erruz daukan lurralde baten parte ere bagara.
Horixe izango da gure bigarren euskarria zu liluratzeko, lurralde honek eduki duen aberastasun nagusietako batez, burdin meaz, goza dezazun. Azalduko dizugu zer gertatu den burdinaren inguruan eta hainbat belaunaldiri lana eta bizimodua eman dizkien industriaren inguruan. Horrela, bertatik ezagutuko dituzu Ezkerraldeko industriaren garapenarekin lotutako eraldaketak, gure gaurko Bizkaia moldatu zutenak.

Gainera, alderdi anitzeko eta diziplina anitzeko ikuspegia erakutsi nahi dizugu gure munduari eta gure inguruneari buruz.

Entzuten ari zaren musika berariaz ondu da museo honetarako. Metal-perkusiozko soinu paisaia da, itsasotik eta lantegietatik datozen hotsekin uztartuta. Espero dugu harekin atsegin hartuko duzula bisitan zehar.
Baina musika hori ez da topatuko duzun bakarra. Banden Ijezketa Trena zain daukazu lehenengo solairuan.

Ingurune honek hunkituta sentitu ziren pertsona batzuen literatura-testuak ere aurkituko dituzu.

Ez galdu aukera beste errealitate batzuk ukitzeko eta ukimenaren bidez hautemateko; ikur batek erakutsiko dizu zer elementu dauden hor zuk ukitu ditzazun. Eta Labe Garaien maketari begira industriaren usaina igarriko duzu, orain itsasoaren usaina igartzen duzun bezala.

Bisitaren amaieran, lehenengo solairuan, gauza zoragarriz beteta dagoen itsaspeko mundu batean murgildu ahal izango zara. Eraikin hau inguratzen duten Abrako urak biziz gainezka daude, eta ur azal horren azpian zer gertatzen den jakiteko aukera ematen digute.

Eta ez alde egin tarte batez jolasean aritu gabe, ugaztunok jolasean ere ikasten dugu eta.

Has gaitezen, bada!

Leave a comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.