Robert Altzairu Tailerren Barrualdea (Juan Luna y Novicio, 1893. Óleo sobre lienzo. 418 x 178 cm.)
Amaia Barrena Garciaren testua
Eskuak garbi dituzte izerdirik botatzen ez dutenek. Eskuak poltsikoetan dituzte lanpeturik ez daudenek. Onddo- kapelak daramatzate pentsatu bai baina lan egiten ez dutenek. Aurpegiak beti garbi dituzte aurrera begiratzen ez dutenek. Aurrera begiratuko balute nekaturik eta makurturik dabiltzan gizonak ikusiko lituzkete. Suaren enpresan hain beharrezkoa den ura kargatzen dutenen ibilerak ikusiko lituzkete. Azken batean, termometroek leher egiten duten lekuan, garondoa bustitzea, edo alkondarara itsatsiriko errautsak bustitzea, lan eskubidea da. Zirkuluan hitz egiten ari diren gizon hauek arreta jarriko balute seguruenik oraindik ere aprobetxatuko luketen zaborra aurkituko lukete, zaborra direla sentitzen duten gizonek maneiaturik. Ez dago triste egoterik. Duintasunak baina, bere bidea aurkitzen du, aurpegietan izaretan dituztenak baino zimur gehiago dituzten gizonen artean; hartz batek neguan egingo luken loa baino ordu luzeagoak lan egiten duten gizonen artean. Askok familia utzi zuten, bihar izango dutenaren promesapean, baina gaur esneak irakiteko behar dituena baino gradu gehiago sufritu beharko dituzte. Bateriarik gabe uzten zaituen sistema baten piezak dira, aurrerabidearen bigarren aktoreak, kredituetan agertzen ez diren extrak, inork gogoratuko ez dituen anonimoak. Burdina lantzen duten langileak dira, sua garretan mantendu zutena, bizkarrean harriak eraman zituztenak, eta gogo ezak irabaz ez zezan utzi ez zutenak. Orain bizi ditugun paisaiei eutsi eta eraiki zituzten langileak dira. Eskuak poltsikoetan izan ezin zituztenak.