Mea Garraiatzea
Mea itsasadarreraino garraiatzeko meatzaritzako trenbideak erabiltzen ziren. Lehendik instalatuta zeuden burdingintza-lantegiek nahiz atzerriko konpainiek baliatzen zuten trenbidea, azkenek itsasoz garraiatzen baitzuten mea. Nolanahi ere, mea itsasontziz garraiatzeko, dikeak eraiki behar ziren konponketak egiteko, ontziolak eraikitzeko, ontzi-hornidurak eskuratzeko eta galdaragintza, makineria, belagintza, sokateria eta kordelgintza lanetan aritzeko.
Nabigazioaren hobekuntza teknikoek, hala nola lurrun-nabigazioak eta helizeak, segurtasun eta nabigagarritasun handiagoa eskaini zieten ontziei, eta horri esker, itsas garraioko linea erregularrak garatu eta ontzi-konpainiak hedatu ziren. Azkenek gero eta metro gehiago behar zuten kaietan porturatzeko, gero eta azalera zabalagoa zamalanetan aritzeko, eta tresneria eraginkorragoa egonaldia merkatzeko. Mea erauzteko egitura guztiak, gainera, makinak, mekanika-tailerrak, metalgintzako industria, torlojuak, tresnak, egurra eta abar behar zituen.
Burdin mearen esportazioak ez zuen nahitaezko garapen industriala bultzatu, baina, Ibaizabal arroan ezarritako burdingintzarekin batera, arraste sakon eta bizia izan zuen ekonomiaren gainerako jardueretan. Horrek, gainera, eragin biderkatzailea izan zuen eta lurraldearen egitura ekonomikoa goitik behera aldatu zuen eta, XX. mendeko lehen hamarkadan, Bizkaiko industriaren garapena sendotu zuten industria-sektoreen sorrera bultzatu zuen.