Martin-Siemens Altzairu Labeak (Ricardo Gómez Gimeno, i.1950, 46 x 55 cm.)
Amaia Barrena Garcíaren testua
Beroa ari da behatzen. Bere lana da, bere profesioa eta bere mantentua; burdina erretzen ikusi eta prest noiz dagoen jakitea, ahuakatea helduta noiz dagoen zehazki kalkulatu behar duenak bezala. Bekokiko izerdiaz egiten du lan, alkondaran duen izerdiaz, eta malkoak bailiran aurpegian behera erortzen zaion izerdiaz. Begiratzen duen marmitak hain dirudi magikoa Obelixena haren ondoan hornidura sinple litzatekela. Bere ontzian aurrerabidea ari dira prestatzen. Bizi- baldintzak txispak botatzen ditu, beharrak erre egiten du, eta diruak puslak sortzen ditu, eta ez bereziki ikutzen duenaren eskuetan. Gizonak ontzia begiratzen du eta deskuidatzen da bor-borrean eta sutan dagoen isuriaren zain dauden abandonaturiko lingote- ontziak zenbatuz. Holan ikusita, lurrean zehar, boligrafo- zorro galduak ematen dute, edo hozkailuan utzitako izozki moldeak, edukirik gabeko ontziak. Egurra eta txapa nahasten dira txirikordaturiko kablez eta altzairu berria arrantzatzen duten amu erraldoiz eginiko sabaiaren azpian. Makina handiek penak bezain besteko pisua daukate. Itsaso- arreari aurre eginez irabazten duten ontziak, zorte handia duten familien berogailuak, engranaje pieza ezinezkoak eta zaborra bera sukaldatzen dira energia irakiten duen ontzi horretan. Hainbat langile ikusten dira, errobot metaliko baten sabelean ibiltzen diren inurriak bailiran. Ez dago animo hau altzatuko duen garabirik, pentsatzen du termometroa duen gizonak, altzairu beroa bere tenperaturara heldu baino minutu bat lehenago.