XIX. mendearen azken laurdenean, hazkunde demografikoa eta etxebizitza-eskasia etengabeak izan ziren ezkerraldeko populazioetan. Industriak hazkunde izugarria izan zuen, eta horrek askotariko arazoak eragin zituen, hala nola higienikoak, sozialak, ekonomikoak, hirigintzakoak eta, nola ez, politikoak.
Eremu horretako industriak hazi ahala, auzune berriak eta hiriguneak sortu ziren, eta, azkenean, guztiz urbanizatutako ezkerralde bat eratu zen. Baina Europak askotariko gaitzak eta pandemiak jasan behar izan zituen, eta gaitz horrek zuzenean eragin zien etxebizitza-eskasiari eta populazioaren pilaketari. Gauzak horrela, XIX. mendearen amaiera aldera, herritarrek Eguzkia, Airea eta Ura maxima aldarrikatu zuten, eta proposamen hori kontuan hartu zen etxebizitza berriak diseinatzeko eta eraikitzeko orduan: eguzkiak ondo argiztatu behar zituen, ondo aireztatuta egon behar zuten eta txorrotako ura, komuna eta familia osoarentzako nahikoa logela izan.
Industria-eremu guztietan mailaz maila gertatzen joan zen. Hala, XX. mendearen hasieratik, ezkerralde osoan zehar 1911ko eta 1921eko Etxebizitza Merkeen Legeetan babestutako langileentzako etxebizitzak proiektatu ziren, eta bizitokiok eredu britainiarraren arabera eraiki ziren. Portugaleten bi kooperatiba eratu ziren, Bizkaiko Labe Garaietako, La Naval ontziolako ta Babcock & Wilcox lantegiko langilez osatutakoak, 1923tik aurrera beren etxebizitzak eraikitzeko. Biak kokatu ziren Errepelegan. Villa Nueva kooperatibak 1926an inauguratu zituen etxebizitzak, eta El Progreso sozietateak 1931n. Bi multzo horiek Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian jasota daude, eta monumentu-multzo kategoria dute. Geroago, 1955ean, Babcock & Wilcox lantegiaren bizitoki-multzoa ere inauguratu zen. Errepelegan kokatu zen eta Viviendas de Vizcaya sozietateak eraiki zuen.