Eulalia de Abaitua Allende-Salazar (1853-1943)
María Elvira Juliana izenarekin bataiatu zuten, baina Eulalia esaten zioten beti, jaio eta hilabetera zendu zen amaren izena baitzen. 18 urterekin Juan Narciso de Olanorekin ezkondu zen Liverpool hirian, eta Ingalaterran bizi izan ziren 1879. urtera arte, Bilbora itzuli zirenean. 6 seme-alaba izan zituen.
Artifiziorik gabe begiratzen zion munduari, eta giza elementua beti protagonista zuela. Eguneroko ekintzak erregistratu zituen argazkietan, testuinguru naturalean.
Askotariko lanbide eta ogibide ugari islatu zituen, nagusiki, emakumeenak, besteak beste: baserriko lanak, sardina-saltzaileak, esne-saltzaileak, garbitzaileak, iruleak, jostunak. Bestalde, ospakizun sozialak bildu zituen, bai eta itsasoko eta hiriko txokoak ere, eta adin, lan, baldintza sozial eta leku guztietako pertsonak ere bai.
Argi naturalarekin ateratzen zituen beti argazkiak, eta gehienetan kanpoaldean egiten zuen. Beirazko plaka estereoskopikoa zen gehien gustatzen zitzaion materiala, bai positiboak, bai negatiboak. Euskal Museoan 2.500 plaka daude, eta horietako 2.000 plaka estereoskopikoak dira.
Horma hauetan, Eulaliak egindako askotariko argazki estereoskopikoak ikusi ahal izango dituzu, Euskal Museoari lagata.