audio
Maketa honetan Bizkaiko Labe Garaiak fabrikaren atal bat irudikatzen da. Sestaotik hurbilen zeuden instalazioak dira, La Benedictako dartsenaren ondoan zeudenak.
Itsasadarren aldean jarriz gero, ezkerrean, gugandik hurbilen, solteko solidoen eremua dago: mea eta ikatza. Mea deskargatzeko garabi batzuk erabiltzen ziren eta ikatza deskargatzeko beste batzuk.
BURDIN MEA, IKATZA, KAREHARRIA ETA AIRE BEROA
Labe garaiaren jardunerako hiru elementu behar dira: burdin mea, erregaia eta urgarria.
Burdin mea prestatu egin behar izaten zen labean sartu aurretik, ahalik etekinik handiena emango bazuen. Horretarako, puska handietan heltzen zena xehatu behar izaten zen, eta xeheegi heltzen zena sinterizazioa zeritzon prozesu baten bidez trinkotu behar izaten zen. Sinter eraikina itsasadarretik hurbil daudenetako bat da.
Erregaia ikatza zen, eta hau ere prestatu egin behar izaten zen ahalik eta bero-ahalmen handiena edukitzeko. Harrikatza itsasontzietan heltzen zen. Heldu ondoren tratamendua aplikatzen zitzaion koke-ikatz bihurtzeko. Lehenbizi eho egiten zen, gero ore trinko homogeneoa eratzen zen, baterietan sartu eta asko berotzen zen, 1.300ºC-ko tenperaturara iritsi arte, eta azkenik ur-zurrusta batez hozten zen. Tratamendu horretan sortzen zen ur-lurrunak hodei-fabrikaren itxura ematen zion AHVri jardun osoan ari zenean.
Koke-ikatza ore urtua zen; oso gogorra zen eta itxura hanpatua zuen. Prozesu honetan azpiproduktuak ere sortzen ziren: mundruna eta amoniakoa. Amoniakoa sortzeko mundrunaren destilazioaren ondoriozko amonio sulfatoa eta beste disolbatzaile batzuk erabiltzen ziren. Sefanitro enpresak lehengai modura erabiltzen zituen koke-ikatzaren fabrikazioaren azpiproduktu horiek.
Urgarria kareharria izan ohi zen; burdin mea tenperatura altuan urtzea eragiten zuen. Urgarriak erreakzio kimikoa izaten zuen burdinaren zikinekin (ganga esaten zitzaien) eta ondorioz zepa sortzen zen. Zepa burdina urtua baino arinagoa zen eta haren gainean geratzen zen, azalean.
Hiru produktuok bagonetetan igotzen ziren skipean gora (plano inklinatua) labearen gorengo atalera, labezulora, eta handik labe garaian sartzen ziren.
Gainera, aire beroa injektatu behar zen presio jakin batean. Aire beroa kanpoko berogailuetan sortzen zen eta haizebideetatik heltzen zen labe garaira.
ARRABIOA ETA ZEPA
Labearen beherengo atalean arragoa dago. Arragoara bi gai heltzen ziren: burdina likidoa, arrabioa esaten zaiona, eta zepa, hau da, metalikoak ez diren mearen osagaiak, urgarria eta errautsak. Arrabioa zepa baino astunagoa zen, eta horregatik arragoaren behealdean geratzen zen eta zepak burdina likidoaren azalean flotatzen zuen.
Labearen arragoaren behealdean zulo bat zegoen, txakurzuloa; burdina likidoa handik ateratzen zen eta koilarak esaten zitzaien biltegietara isurtzen zen.
Zepa zeharzulotik ateratzen zen. Gero zementuak eta ongarriak egiteko erabiltzen zen.
Lehen galdaketako arrabioa koilara batzuetan biltzen zen. Koilara haiei torpedoak esaten zieten, itxuragatik, eta batzuk edukiera handikoak ziren, are berrehun eta berrogeita hamar tonatik gorakoak ere. Gero arrabioa altzairutegira eramaten zen.
Arrabioa zuzenean isurtzen bazen lingote-ontziak izeneko moldeetan, gogortu egiten zen eta burdina-totxoak (lingoteak) sortzen ziren.
ALTZAIRUTEGIA
Labetik atera berritan arrabio likidoak karbono gehiegi zeukan, bai eta zikinkeria asko ere, eta horregatik findu egin behar zen altzairua lortzeko. Bihurgailura edo arku elektrikozko labe batera eramaten zen fintzeko. Karbono-edukia doitzen zen eta zikinak (silizioa eta fosforoa) ezabatzen ziren. Bihurgailuan zenbait aleazio-elementu gehitzen zitzaizkion, propietate jakin batuk eduki zitzan.
Zikin nagusiak fosforoa eta sufrea ziren. Fosforoak altzairua gogortzen du, baina hauskorrago egiten du; beraz, ezabatu egin behar da. Sufreak sulfuroak sortzen ditu burdinarekin; gainera, asko egonez gero, akatsak eragiten ditu altzairua ijeztean.
Bihurgailuko ore likidoari kolada esaten zitzaion. Handik kolada-koilara batera isurtzen zen.
ERALDATZEA
Totxoak berotzeko labeetara eramaten ziren, ijezten hasteko. Berotu ondoren azken produktua ijezteko behar zen itxura ematen zitzaien totxoei. Totxoak arbastatzeko trenean ijezten ziren.
Arbastatzeko prozesuan totxoak geroz eta hurbilago zeuden bi zilindroren artean pasarazten ziren, harik eta nahi bezain mehe utzi arte.
Gero totxo ijeztuak denetariko manufakturak egiteko erabiltzen ziren. Pieza bakarreko profilak edo soldadurazkoak trenbideetarako, errailetarako, langetarako, txapetarako, barretarako, hodietarako eta eraikuntzako antzeko elementuetarako. Oliobideetarako soldadura gabeko hodiak eta profil hutsak, eta petrolioa edo gasa ateratzeko erabiltzen diren hodiak; ebakidura biribileko hodi soldatuak edo errematxedunak; hotzean ijeztutako xaflak; eraikuntzako materialak eta horien osagaiak: zubiak, esklusetako atakak, dorreak, armazoiak, zutabeak, zutoinak, sabai-armazoiak, ateak eta leihoak. Kableak, alanbreak, ehun metalikoak, burdineria, biltegiak, zisternak, upelak, bidoiak, latak, potoak, kutxak eta denetariko ontziak; kateak, aingurak, helizeak; berogailuak, galdarak; hegazkin-fuselajeak, itsasontzi-kroskoak, auto-karrozeriak, tren-bagoiak, etab.
Bitxikeria bat: Kalkulatzen da labe garaietan sortu zela berotegi-efektuko gasen % 4tik gora 1900 eta 2015 bitartean.
Ezkerreko pantaila aktibatu dezakezu altzairugintzaren prozesuaren berri jakiteko. Eskuineko pantailan Alberto Salcedo artistak eta Itxaso Díaz zinemagileak industria hauen guztien eraispena erakusteko egin duten lana ikus dezakezu.