
Portugaleteko Rialia Industria museoan eta Salazar dorretxean estraineko aldiz Espainiako aurreko mendeko panpinen eta jostailuen dioramen erakusketa dugu. Hautatutako pieza guztiak jatorrizkoak dira eta Quiroga-Monteren bildumakoak dira.Lehen atalean honako panpina hauek ikusteko aukera izango dugu: buztin errez eginiko panpinak, pepona ospetsuak; Mariquita Pérez, Gisela eta Cayetana entzutetsuak bere jantzi eta osagarri dotoreekin, Juanín, Guni eta Manolín nebekin, hurrenez hurrez; Mari Pepa Mendoza, Maricela eta Malibu panpina dibertigarriak, haren neba Quique; Guendalina eta denok gogoan dugun Nancy. Halaber, Euskadin ezagunak izan ziren panpinei ere protagonismoa eman nahi izan diegu. Horren adibide Mary Cris panpinarena dugu, Bilbon batik bat saldu baitzuten.
Bigarren atalean diorama sorta bat dugu: musika-kioskoa orkestra eta guzti, zaldiak eta gurdiak dituen korta, haur-eskola, harategia, tren-geltokia, zezen-plaza bere pertsonaia eta guzti, indio eta unaiekin jokatzeko fortea, janari-denda, aldare kristaua eta zirku zoragarria artista eta animaliekin hornitua.
Arestian aipaturiko panpinek neskei erakusteko amen jokamoldeak eta balioak balio zuten. Orobat, eredu garrantzitsu bihurtu zituzten garai haietako gizartearen pentsamoldeak ere finkatzeko. Dioramek, berriz, neskato zein mutilentzat, ondo pasatuz errealitatea ezagutarazteko tresna egokiak ziren. Jostailu horiek guztiek balio izan zuten ume askoren belaunaldietan adimena, irudimena, sormena, trebetasuna eta nortasuna garatzeko.
Espainian eginiko pedal-ibilgailu onenek ere erakusketa are osatuago bihurtzen dute. Auto, kamioi eta motoak ere baditugu ikusgai.
Erakusgaiek nabarmen islatzen dituzte eginak izan zireneko aldaketa sozioekonomikoak, teknikoak, kulturalak eta politikoak. Izan ere, horrek agerian uzten ditu gizarte haren jokaerak, ohiturak, modak, gertaerak eta asmakizunak. Erakusketa hau dela eta, haurrek Quiroga-Monteren bildumako zenbait jatorrizko jostailu eskuragarri izango dituzte berreginak ez izanik ere. Jostailuok hezkuntza-lantegietan ere erabiliko dira. Azkenik, aitortu beharrean gaude jostailu miragarri txiki hauek haurrak zein helduak txundituta utzi dituztela haiengan grina, guraria eta liluramendua betidanik sortu baitituzte. Horren kariaz, Fernando Pessoak behin esan zuen ez dagoela merezi duen inperiorik ezta idealik ere baldin eta hori lortze aldera, tamalez, panpina bat edo jolasteko trena apurtzen badira.